14 Gerra osteko herriaren izaera

BLANKA GÓMEZ DE SEGURA PIEROLA

Gerraren krudeltasuna egungo herrian arrastoak utzi dituela dio. Familiek sendatu gabeko zauriak dituzte. Urtero biktimen familia-kideei omenaldi bat egiteko ekimenaren aurrean, herritar batek diskrezioz aritzeko eskatu zien. Gerraren bizipenak herritarrak euren baitan ixtera eta kanpotarrak mesfidantzaz tratatzera eraman dituela dio Gómez de Segurak. Bere irakasle izan zen José Ortiz de Zarate jartzen du adibide: orduak eman zituzten elkarrekin eta denetarik hitz egin zuten gerraz izan ezik. Errepublikaren aldeko alderdiko kideek eta hauen ondorengoek konpentsazioak jasotzen hasi zirenean zabaldu zen Ortiz de Zarate Gómez de Segurarekin. José Ortiz de Zaratek hiru urte eman zituen preso politiko gisa «en el batallón de trabajadores», Vinuesa-ko presa egiten.