04 Baserriaren deskribapena

FERMÍN ETXEBARRIA ELORZA

Bera txikia zenean Arraburu baserria oraingoaren antzekoa omen zen. Bi familia bizi ziren bertan, tximiniaren kokapenagatik egiaztatu daitekeela dio. Berak ziurtatu ezin duen arren, aldi berean hiru familia bizi izan direla esan izan diote. Duela berrehun urte inguru, baserriaren beheko aldea erre egin zen. Honen aztarnak ikusten dira. Ferminen aitonak erosi zuen baserria. Aitonak etxea ordaintzen amaitu zuenean, morroi gisa zegoen Ferminen aitaren lehengusu batek aurreskua dantzatu ziola kontatzen du. Beheko aldean bi korta zituzten, ardiena bat, ganaduarena bestea. Kortaren gainean beheko sua zegoen. Sukaldea jarri zutenean, beheko sua kuriositatez mantendu zuten eta beste aldean jarri zuten. Pasadizo gisa kontatzen du anaia gazteenak, urtea bete zuenean, txerrikumeen ondoan bazkaltzen zuela.