17 Sabina Castañares eta tabernako lana

BLANKA GÓMEZ DE SEGURA PIEROLA

Sabina Castañares emakume indartsu gisa definitzen du. Garai hartako emakumeak oso indartsuak zirela dio, bestela, bere ustez, ezinezkoa zuten bizirautea. Gerora bere senarra izango zen Jose Ortiz de Zarate Gasteizen kartzelan egon zenean, bikote ziren dagoeneko eta autostop eginez joaten zen Gasteizera bisitan. Castañares Bentazarren bizi zen garai hartan. Gerra ostean ezkondu eta hiru seme izan zituzten. Etxeko beheko aldean, portalean, taberna jarri zuen. Denetariko langileak joaten ziren tabernara. Urtegia dela eta tunel bat eraiki zuten eta langile asko zebilen inguruan. Taberna hau testuinguru honetan zegoen. Urtegia eraikitzeak paisaia eraldatzeaz gain, klima eta pertsonak ere aldatu zituela dio. Izan ere, bertako biztanleek ezagutzen zuten ingurua urpean geratu zen. Taberna Bilbo eta Gasteiz arteko bidean zegoenez, bezero asko zuen, neguan batez ere. Egunez jendea zerbitzatzen zuen eta, neguan batez ere, hurrengo egunerako kozinatzen zuen. Irakurtzea asko gustatzen zitzaion eta nahiz eta ikasteko aukerarik izan ez, emakume oso sentsiblea eta kultua zen. Kezka hau hurrengo belaunaldiak modu positiboan jaso duela dio Gómez de Segurak. Josék zioen zeramika ez zela emakumezkoentzako lan bat eta Blankak, Sabinak inspiratuta, erabaki zuen geratzea. Izan ere, ama batek bezala zaindu zuela sentitu zuen eta lanean jarraitzeko animatzen zuen.